2- Frankismoaren azken urteak, aldaketaren haritik
2-c PSOEren alternatiba frankismoaren aurrean: haustura politikoa eta oinarri demokratikoen zehaztapena.
Aurreko atalean azaldu bezala, alderdi sozialistaren XII. biltzarrak aldaketa sakonak gauzatuko ditu bai PSOEren zuzendaritzan, bai lerro politikoan. Beste alde batetik, biltzar aurreko azken urtean barne zatiketak eragindako arazoei ezinbestean erantzun beharrak (kexak, bilerak, barne salaketak, elkarri eragindako oztopoak, zirkularrak...) asko mugatu zuten alderdiaren kanpo lana. Baina zatiketa XII. biltzarrean borobilduko zenez, hemendik aurrera gaindituta geratuko da iharduera politikorako barne gatazkaren oztopoa eta PSOE bete betean murgilduko da frankismoaren aurkako ekinbidean.
Azken urtetan erregimen frankistaren arazo eta kontraesanen biderkaketak ezinbesteko aldaketa iragartzen bazituen ere, Alderdi Sozialistaren zuzendaritza berriak aldaketaren hurbiltasunaz erabateko konbentzimendua izango du lanean hasten den une beretik. Alta, ez dira sozialistak aldaketaren gertutasuna atzematen duten bakarrak eta eragile politiko desberdinek (baita frankismoaren ingurukoek ere) euren mugimendu eta proposamenak publiko egiten dituzte. Testuinguru honetan, petroleoaren gorakadak eragiten duen krisi ekonomikoen haritik sortutako langileen mobilizazioen orokortzeak eta ustez erregimenaren iraunkortasuna bermatu behar zuen Carrero Blancoren aurkako atentatuak izugarri trinkotzen dute eztabaida politikoa, erregimenaren aldaketa-moldaketa ardatz duen eztabaida politikoa. Krisi politiko sakon, gizarte protestaldien gorakada eta aldaketaren inguruko eztabaida politikoaren zurrunbilo honetan alde bakoitzak nabardura guztiekin azalduko bere jarrera, besteak beste egoera biziki gatazkatsutan proposamenen zehaztapenek ezarri ohi dutelako aldea.
Aldaketa, laster batean emango zen erregimenaren aldaketa-moldaketa zen PSOErentzat lan hipotesi bakarra. Ondorio politiko horretara zuzentzen zuten irakurketa politiko guzti guztiak: gero eta gehiago nabarmentzen zen krisi ekonomiko eta politikoa ez ezik, sozialistek burutzen zuten historiaren azterketa marxista-zientifikoak eta baita ekonomiaren garapenari buruz kaleratutako iragarpen bitxiek ere norabide bera zuten. Adibidez, 1973ko maiatzaren lehenengoko "Le Socialiste" aldizkariak argitaratu zuen idazkia, non esaten zen "erregimen autoritario baten pean ezinezkoa da personeko errenta 1.500 dolarren gainetik haztea" eta, beraz, "egoera jasangaitza" zela ondorioztatzen zuen PSOEk.
Sozialistentzat aldaketa berez ekidin ezina eta ezinbestekoa izan behar bazuen, aldaketa motaren inguruan iritzia ematea zen zentzuzko gauza bakarra, baina era berean berebiziko garrantzia zuena. PSOErentzat erregimen aldaketa haustura izan behar zuen. Behin eta berriro errepikatu eta berretsiko duten hitza izango da "haustura", frankismoarekiko erabateko etena adierazten duena. Erakunde frankistetatik zein oposizioko zeinbait alderditatik proposatzen ziren erregimenaren moldaera edo garapen desberdinen aurrean, beti ere bilakaera hitzartua-kontrolatua izatearen zentzuan, PSOEk erabateko hausturaren aldeko apostua egingo du. Era guztitako adierazpenetan berretsiko duten jarrera izango da. Sozialismoaren eraikuntza bidean aurreko erregimenarekiko haustua erdietsi beharra aipatuko da "El Socialista" (29) aldizkariko idazkitan eta Souresnesen 1974ko urrian batzartu zen PSOEren XIII. mintegiaren adierazpen politikoan. Hausturarren proposamen politikoaren edukinean sakonduz, 1974ko urriko "El Socialista" (30) aldizkarian argituko da hitz horrekin aurreko erregimenaren "erabateko likidazioa" adierazi nahi dela. Berriro ere Souresneseko XIII. biltzarreko erabakitara itzuliz, bertan ezartzen denez frankismoarekiko haustura ezinbesteko konpromezua izango da gainontzeko oposizio taldeekin edozein elkarlan garatzeko. Are gehiago, PSOEk bat egin ez zuenez 1974ko abenduaren 11rako oposizioko talde desberdinekin (31) (ETA erakundea barne) batera deitutako errepresioaren aurkako greba orokorra deialdiarekin, Alderdi Sozialistak kritika gogorrak jaurtiko ditu PCE eta CCOOen aurka, besteak beste erregimen frankistaren sektore aurrerakoienek prestatzen ari ziren moldaketa egitasmo hitzartua babestea leporatuz. Hausturaren irizpide lerro berean, urte haietan Borbondarren Juan Carlos I.ren inguruan lantzen ari ziren frankismoaren aldaketa eredu desberdinen aurrean erabateko aurkakotasuna adieraziko du PSOEk, PSOE: la ruptura democrática liburuan jasotzen denez "Borbondarraren eskuhartzeak erregimenaren jarraipena bermatzen duelako". Arrazoi bera aipatuko dute aurrerago "edozein irtenbide Juancarlista" errotik errefusatzeko (32).
Beraz, ezinbesteko aldaketari sozialistek haustura egokitzen zioten, erabateko haustura, ezin argiago esanda sistema faxistaren "erabateko likidazioa". Hau da frankismoarekiko aurkakotasunean PSOEk zehazten zuen egitasmoa, baina ez egitasmo osoa. Izan ere, aurkakotasun hauez gain, sozialistek bestelako edukinekin osatu zuten eurek "alternatiba sozialista" deitzen ziotena. Haustura bereizgarri ezkorra den bezala, PSOErentzat demokrazia izango da alternatibaren zehaztapen baikorra. Hortaz, demokrazia konzeptuari sozialistek atxekitzen zizkioten edukinak aztertuko ditugu jarraian.
Uneko eztabaida politiko etengabearen eskaerari erantzunez sozialistek XII. biltzarreko oinarriak garatuko dituzte eta egitarau borobilagoa osatu. Esan bezala, sozialistentzat demokrazia helburua izaten jarraitzen du, bai edozein talderekin elkarlanean aritzeko, bai taktikoki (haien eraikuntza sozialista bideratzeko). Sozialistek demokraziari atxekitzen dioten edukina hainbat idazkitan agertzen bada ere, adibide hau hartuko dugu, hots, haustura demokratikoa ardatz hartuta, 1974ko irailean PSOEren Batzorde Eragileak "El Socialista " aldizkarian kaleratutako idazkian behin behineko gobernu batek derrigorrez eta unean bertan hartu beharreko neurriak zehazten dituena. "Espainiako Alderdi Sozialista Langilearen adierazpena" du izenburua eta ezinbesteko neurriak hauek dira: preso politikoen askatasuna, erantzunkizun sindikalak garbitu eta eskubideak onartu, oinarrizko askatasun demokratikoen aitorpena, (alderdi politikoak eta sindikatuak osatzeko zein greba egiteko eskubidea e.a.), diktadurak lapurtutako ondasunen itzulera, hauteskunde askeen deialdia, nazionalitate iberikoen eskubideen onarpenean oinarritutako ekinbide konstituziogilea, langileen soldaten hobekuntza eta iruzurraren aurkako neurriak.
Beraz, PSOErentzat nazionalitate iberikoen eskubideen onarpena oinarrizko irizpide demokratikoa izateaz gain, ekinbide konstituziogilea eskubide horietan oinarritu behar da. Aipatu eskubideak zeintzu diren ez da zehazten (administrazioa, sujeto oso izateko eskubidea, autonomia akaso), baina nahi den zabaltasuna onartuta ere ezin uka nolabaiteko sujetoen aitorpena edo aitorpen asmoa behintzat egon badagoela.
Estatu espainiarreko sujeto politiko desberdinen aitorpena eta zalantzei bidea zabalik uztea dira Catalunyako federazioak (33) 1974 uztailean biltzar aurreko eztabaidetan kaleratutako agiriaren bi ardatzak. Alde batetik nazionalitateen autodeterminazio eskubidea onartu eta askatasunez elkartutako federazio baten aldeko apostua egiten da, sujeto politikoaren erabateko aitorpena beraz. Are gehiago, porposamenak dio kontraesan nabarmena dela askatasun demokratikoen alde azaltzea eta berriz autodeterminazio eskubidea ukatzea. Bestetik, aipatu eskubideak berma daitezen II. Errepublikako autonomi estatutuak eta Gorte Konstituziogileek onartutako egitura behin behinekoz indarrean jartzearen alde azaltzen dira. II. Errepublikan sozialistek autodeterminazioaren aurka egindakoak eta "estatu integralaren" aldeko ihardunbide amorratuak katalanen bi ildo hauek bateragarriak ote diren edo ez eztabaidatzeko aukera ematen du behintzat.
Irizpideen zabalkeria edo aurkakotasunetaz jabetuta beharbada edo Estatu espainiarreko sujetu politiko desberdinen aitorpen bidean beste urrats bat ematen dutelako agian, kontua da 1974ko urrian Souresnesen egindako XIII. biltzarrak irizpide argiak ezarriko dituela aipatu arloan.
Alderdi Sozialista erregimen aldaketaren konbentzimenduaren gainean ari zen lanean eta Souresneseko biltzarreko miltzaldi eta eztabaida gehienak uneko egoera politikoaren azterketa (erregimenaren barruko kontraesanak, alderdiaren indarra, beste talde sozialistekiko harremana, aldaketarako baldintza eta oztopoak...) zein haustura demokratikoaren beharra zuten ardatz.. Ez "El Socialista" aldizkariko eztabaida artikuluetan, ez biltzarreko oroimen-liburuan, ez da barne kontraesan esanguratsurik atzematen. Eztabaida guztien ondorioak sailez saileko erabaki-ebazpenetan jasoko dira: ebazpen politikoa, nazionalitate eta erregioen ingurukoa zein nazioarteko politikari buruzkoak (34).
Erabaki-ebazpen politikoak sei puntu ditu. Aurrenekoan PSOEren helburua eta bidea zehazten ditu, hots, sozialismoaren eraikuntza eta demokrazia (aurrerago esan dugunaren haritik). Bai bigarren atalean, bai hirugarrenean erregimen frankistaren krisialdia, kapitalismoaren zapalkuntza eta bien artean sortzen diren kontraesanak aztertzen ditu. Laugarren atalean PSOEren irtenbidea proposatzen du, haustura demokratikoa, "hots, askatasun sistema eta herriaren burujabetzan oinarritutako gobernu eredua ezartzea". Zalantzarik gabe, adierazpenaren punturik garrantzitsuena bosgarrena da, bertan zehazten baita "Espainian demokrazia berrezartzeko ezinbestekoak diren neurriak". Beste era batera esanda, hauxe da "haustura demokratikoa" formulazioari PSOEren erabaki gune garrantzitsuenak (biltzarrak) egokitzen dion edukin garapena.
Bada, sozialistentzat hauexek dira demokraziaren ezinbesteko ezaugarriak: preso politiko eta sindikapen askatasuna, Diktaduraren erakundeen deuseztapena eta askatasun demokratikoen onarpena zein babesa. Eta askatasun hauen barruan aipatzen ditu: alderdi politikoak osatzeko askatasuna, sindikatuak erakundetzeko askatasuna, manifestazio eta greba eskubidea, diktadurak ebatsitako jabegoen itzulera, hauteskunde askeen deialdia eta nazionalitate iberiko guztien autodeterminazio eskubidearen onarpena. Seigarren puntuak oposizioarekin jarraitu baharreko elkarlanaren ardatzak zehazten ditu.
Beraz, Souresneseko biltzarreko erabaki-ebazpen politikoak erabat argi uzten du orduko PSOErentzat Estatu espainiarra osatzen duten nazionalitateen autodeterminazio eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa izateaz gain (adierazpen askatasuna, hauteskunde askeak edo alderdiak osatzeko askatasunaren parekoa), alderdiaren haustura demokratikoa izeneko proposamen taktiko estrategikoak ere jasotzen duela aipatu autodetermninazio eskubidea. Nazionalitate desberdinei sujeto politikoa izateko eskubidea erabat onartzen zaie.
Oinarri demokratikoen nondik norakoak argitu ondoren, erabaki-ebazpen politikoari jarraitzen dion "Nazionalitate eta lurraldeen inguruko" erabakiak autodeterminazio eskubidearen izaeran sakontzen du. Ebazpenaren aurreneko puntuak adierazten du Estatu espainiarra osatzen duten nazionalitateen arazoaren irtenbideak "erabateko autodeterminazio eskubidearen onarpenean" duela oinarria. Esaldi berean zehazten du zer den delako eskubide hori, "nazionalitate bakoitzak Estatu espainiarreko gainontzeko nazionalitateekin izan behar duen harremana aukeratzeko askatasuna izan dezan". Hauxe da sujeto politikoaren erabateko onarpenaren zioa, nahi duen harremana erabakitzeko ahala aitortzea. Nahi duena, berezirik edo batera, eta batera izatekotan zein eratan bat eginda. Eta hauxe da PSOEk sozialismoaren eraikuntzarako ezartzen duen egitasmo estrategikoaren oinarrietako bat.
Autodeterminazio eskubide demokratikoaren onarpenari PSOEren gauzapen proposamena darraio, kate begiak bailiran. Eta proposamen honek hiru ardatz ditu, autodeterminazio eskubidea klase estrategiarekin uztartzeko asmoa, estatu federalaren aldeko apustua eta gainontzeko lurraldeek ere berezko erakundeak osatzeko duten eskubidearen onarpena. Alta, PSOEk berezko egitasmoan federalismoaren alde luzatzen duen apostuak autodeterminazioari aitortzen dion oinarrizko izaera demokratikoa berresten du, izan ere onartu esplizituki onartu baitu aipatu sujeto politikoek sozialistentzat egokiena ez den beste biderik hauta dezaketela.
Klase borrokaren atalean Souresneseko biltzarrean PSOEk gauzatzen duen hautu taktiko-estrategikoaren gisa berean, hots, demokraziaren ezinbestekotasuna sozialismoaren eraikuntzarako (demokrazia, sozialista ez diren beste hautu batzuen balizko nagusitasunaren aurrean erabateko errespetua eskatzen du, nahiz eta lege kapitalistaren aldekoa izan, kasu), bada gauza bera autodeterminazio eskubidearekin. Zera, sozialisten federalismotik at dauden beste aukeren zilegitasuna onartzen den ehinean ("gainontzeko lurraldeekiko harremanak askatasunez aukeratzeko eskubidea", independentziatik estatu integralera beraz) PSOEk autodeterminazio eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoekin parekatzen du. Berdin manifestazio eskubidearekin edo alderdi politikoak osatzeko eskubidearekin. Eskubide demokratikoak izaki, Alderdi Sozialistak ez ditu sozialistentzat bakarrik aldarrikatzen (sozialistak ez zirenak ere izango lukete kalera ateratzerik edo alderdiak antolatzeko eskubiderik).
Souresneseko erabaki-ebazpen politikoan eta nazionalitateen inguruko adierazpenean Estatuko lurralde desberdinen sujeto politikoaren aitortza aztertzen denean jarraitzen den arrazoibideak ez du kontraesanik nazioarteko ponentzian aipatu gaian jorratzen den ildoarekin. Nazioarteari dagokionez, XIII. biltzarrak Hirugarren Munduko nazio askapenerako mugimenduen aldeko abegikotasun orokorra adierazten du eta Saharako arazo zehatzaren inguruan "kanpoko inongo eskuhartzerik gabeko autodeterminazio prozesu baten alde" azaltzen da. Era berean, autodeterminazioari erantzuten ez dion bestelako irtenbideak errefusatzen ditu Alderdi Sozialistak.
Souresneseko biltzarrean ageri denez PSOEk ez du inongo kontraesanik atzematen autodeterminazioa eta nazio askapeneko mugimenduen aldeko jarrera eta sozialismoaren eraikuntzaren artean. Bestera bai ordea, elkarri lotuta eta elkarrekin harreman zuzenean agertzen dira.
Iruzkin labur honetatik berriro ere Estatuaren lurralde antolaketaren gaira jauzi eginez eta biak alderatuz, aurrerago iritsi ondorioak berresten dira. Lehena eta garrantzitsuena lan honek aztertzen duen gaia aintzat hartuta, erabaki-ebazpen politikoan zein nazionalitateen inguruko adierazpenean nazionalitate desberdinei aitortzen zaien burujabetza eskubidea erabatekoa aitortza dela, izan ere nazioartean estatu ziren edo estatua osatzeko eskubidea onartzen zitzaien herriei zegokien gauza bera (kanpoko inongo eskuhartzerik gabeko autodetermenazioa alegia) aitortu zietelako Estatu espainiarrak bere baitan hartzen zituen herrialdeei. Bigarren ondorioa zera da, Souresneseko biltzarrean ez direla kontrajartzen autodeterminazio eskubidea eta sozialismoaren eraikuntza, ezta nazioarteko klase elkartasuna eta autodeterminazioa ere. Hau guztia herrien aitortza zein burujabetza oinarrizko eskubide demokratikoen parean jartzen dutelako, adierazpen askatasuna edo hauteskunde askeen ezinbestekotasunaren maila berean. Eta eskubide hauen erabateko berreskurapenean jarriko du PSOEk sozialismoaren erakuntzaren oinarria.
PSOEren XIII. biltzarreko erabakiak oso zehatzak ziren, baina egoera politikoa erabat nahasia, hortaz, alderdiak behin eta berriro azpimarratu beharko publikoki bere jarrera. Hala berresten du behintzat 1975ko martxoko "El Socialistak" (35) argitaratzen duen artikuloak. Bertan aipatzen denez, talde erredikalizatuek, "ustezko iraultzaileek, eskuindarrek, demagogoek eta enparauek etengabe jurtitzen dituzten mezuek gehi krisi egoerak sekulako noraeza sortzen dute". Egoeraren aurrean PSOEren jarrera zein den azaltzen du argiro; gutxienez ondorengo ezagurariak izango dituen zuzenbide estatua: adierazpen askatasuna, preso politikoen askatasuna, greba eskubidea.... eta "nazionalitate guztien autodeterminazio eskubidearen onarpena" zerrendatzen ditu jarraian. Erregimenaren aldaketa gertu sumatzen delarik, oposizioko talde desberdinen arteko hika-mikak etengabeak ziren, beste batzuetan sozialisten inguruko adierazpenek "nazionalitateen errespetua" zioen formula zehazgabean uzten zuten lurralde antolaketaren zioa eta beharbada gauza biengatik artikuloak ohartarazten PSOEK salatu egingo duela du aipatu askatasunen murriztapena asmo duen edozein hitzarmen.
Baina gainontzeko oposizioko taldeak elkarrekiko iharduera politiko bizian ari baziren, PSOE ez da atzean geratuko. Aurreko biltzarrean komunistekin elkarlanean aritzeko betoa gainditu bazen ere, eguneroko politikagintzan PSOE eta PCE lehia bizian arituko dira mugimendu ezkertiarraren gidaritza bereganatzeko. Taldeen arteko elkarlanak gero eta garrantzi estrategiko handiagoa hartzen du Francoren heriotza iristen den unean (ia gehienek une hau erregimen politikoaren aldaketaren hasierarekin lotzen zuten) bakoitza politikoki leku egokienean eta ahalik eta indartsuen egon nahi baitu balizko erregimen aldaketa-moldaketa baldintzatzeko. Batzuk eta besteak bultzatutako oposizioko koordinadorak, plataformak eta bestelakoak sortuko dira bai Estatu mailan, bai herrialdetan.
Bada, XIII. biltzarrean erabakitakoari jarraiki, PSOErentzat lehen aipatu ditugun oinarrizko eskubide demokratikoen onarpena ezinbesteko baldintza izango da edozein talderekin elkarlana abiatzeko. Souresneseko biltzarrak berak horrela erabakiko du espreski eta gero sarritan berretsiko da alderdiaren jarrera Batzorde Eragilearen agiritan zein "El Socialista" aldizkariko idazkitan.
Adibiderik esanguratsuena "Elkargune Demokratikorako Plataforma" dugu. Oposizioko hainbat taldek bertan elkartuta (36), PSOE barne noski, bat egiten dute hainbat eskakizuen inguruan, hauen artean autodeterminazio eskubidearen onarpena. Uztailean kaleratu zuen agiriaren bosgarren eta seigarren puntutan azaltzen denez Elkargune Demokratikoak "nazionalitateen autodeterminazio eskubidea onartzen du" eta jarraian haustura demokratikoa gauzatzen den une beretik herrialde desberdinetan autogobernu erakundeak osatzeko apostua egiten du, hau guztia Estatu federala egituratzeko bidean.
PSOEk ikuspuntu taktikotik lantzen du oposizioko gainotzeko taldeekiko elkarlan iharduera. Bai gainontzeko taldeen garrantzia, bai bere ahal huts eta soilen mugen jakitun izanda, ahalik eta indar gehien metatu nahi ditu "haustura demokratikoaren" inguruan frankismoaren garapena izan zitekeen sistema berria eragozteko. Horretarako, sozialistentzat faxismoaren iraupena ezinezkoa bihurtzen duten oinarri demokratikoak proposatzen ditu oposizioa biltzeko. Baina haustura demokratikoaren une historiko-teorikoa PSOEren egitasmoaren abiapuntua baino ez da. Bere burua marxistatzat jotzen duen PSOEk hizkuntza erradikala erabiliko du klase arazoaren inguruan ari denean baina argi esango du proposatzen duten "haustura demokratikoa" (askatasun demokratikoak) onargarria dela alderdi burges-demokratikoentzat. Gero bai, Alderdi Sozialistak indarrak jarriko ditu azaltzen aipatu askatasun demokratikoak klase ikuspegitik landuz erakiko dutela sozialismoa eta ohartarazi ohartarazten du behin haustura demokratikoa eman ondoren burgesekin aurrez aurre lehiatuko direla bestelako gaietan: bankaren eta sektore energetikoen nazionalizazioa, langileriaren bizi baldintzen hobekuntza, langabeziaren arazoa, hirigintza edo bestelakoak. Beraz, autodeterminazio eskubidea Estatu federal sozialista lortzeko bidean kokatzen du baina horrek ez dio kentzen indarrik oinarrizko eskubide demokratikoa izendatzeari. Alderantziz, konbentzimendu barneratua adierazten du, izan ere PSOEk jakinda beste alderdi batzuek federalismoa ez den egitasmo batzuen alde egingo dutela, oinarri demokratikotan bilatu nahi du elkarlanaren lotura, autodeterminazioa zutabe hauetako bat delarik.
Atal hau amaitu aurretik aipatu PSOEren XII. biltzarrean gauzatzen den belaunaldi ordezkapenak Souresneseko biltzarrean borobilduko duela zuzendaritza politikoaren kideen atala. Esan nahi baita 1974ko urriko biltzarretik aterako den Batzorde Eragilea eta PSOEren buruzagi esanguratsuenak izango direla alderdiaren zuzendaritzan transizio aro guztian ez ezik, baita ondorengo urteetan ere. Oraindik oso ezagunak zaizkigunak hartu zuten lerro hauetan aztertu ditugun PSOEren egitasmo politikoak gauzatzeko ardura gorena, hots, Batzorde Eragilea: Felipe González Márquez "Isidoro", Juan, Enrique Múgica Herzog "Goizalde", Andrés, Ernesto, Hervás, Paco, Eduardo López "Celso", Otilio, Jose Maria Benegas "Txiki" eta Juan Iglesias.
2-d PSOEren estrategia berriaren ofizialtasunetik haratago. Etorkizuneko norabide aldaketaren arrastoak?
Honaino PSOEren "iturri ofizialek" (biltzarretako laburpen liburuak, "Le Socialiste" aldizkaria, sozialistek beraiek zatiketaren inguruan idatzitakoak etab...) ahalbideratzen duten irakurketa. Handik eta hemendik topatutako euskarri sendoko harietatik tira eginez zein elkarrekin korapilatuz osatu da PSOEren historia zati baten goiko irakurketa. Orain arte lanak jarraitutako garapen lerroa zuzenagoa edo okerragoa izanda ere, ezin uka behintzat baieztapen bakoitzak bere euskarria duela. Historian, dokumentu iturrien benetakotasuna edonork bere kabuz haiei aitortzen zaizkienak baieztatzeko aukeran datza. Bata zein bestearen artean alde nabarmenak egon arren, zuzenbide arloan froga euskarria deitzen denarekin parekatu dezakegu. Lanaren ardatzetako bat irizpide horri zurruntasunez atxekitzea izan da.
Hala ta guztiz ere, batetik eta bestetik bildutako arrasto zantzuek atal berezi bat bat merezi dute derrigorrez. Bai, berezia ezen puntu osoan jarraitu dugun garapen ildoan zehaztutakoarekin kontraesanean ez badago ere, sakoneko nabardurak eransten dizkio. Baina ez da berezia bakarrik horregatik, baita iturrien izaera beragatik. Batzuk ahozko lekukotasunak dira, beste batzuk agiri ofizialak, baina haien azterketa zehatz batek lan honen xedea erabat gainditzen du. Beraz, puntu hau aurrekoekin duen osagarritasuna funtsezkoa izanik, bere balizko garrantzia ikerketa gai baten bidea aipatzean datza. Besterik gabe, harira.
Barruko aldea eta kanpoko aldearen artean gero eta gordintasun nabarmenagoarekin ageri ziren kontraesanak PSOEren zatiketaren (1972ko biltzarra) arrazoietako bat izan baziren ere, ez zen hau arrazoi bakarra izan, eta alderdiaren zuzendaritza eskuratuko dutenei zein gerora alderdiak izango duen garapenari erreparatzen badiogu, ezta garrantzitsuena ere. Alderdiaren baitan liskarrak egon bazeuden, egia, baina kanpo eragileek ezarri zuten azken aldea.
Hirurogeita hamargarren hamarkadako aurreneko urtetan EEBB eztanda egin zuen "Watergate" eskandalu politikoa argitzeko Kongresuak abian jarri zuen ikerketa batzordearen haritik jakin izan zen, aipatu eskandaluan CIAk izan zuen eskuhartze zuzenaz gain, CIAk ere zenbait elkarte unibertsitario eta fundazio erabiltzen zituela Europako alderdi lagunak finantziatzeko, azken helburua jarraipen-kontrol politikoa bideratzea zelarik noski. Zubi lana buruten zuten elkarte hauetako ezagunenak "Konrad Adenauer", "Neuman" eta "Friedrich Ebert" dira. Aurreneko biak alderdi kristaudemokratekin eta liberalekin izan zuten lotura zuzena eta hirugarrenak, "Friedrich Ebert"ek, sozialdemokratekin. Hasieran, Alemaniako sozialdemokraten bidez jarri ziren harremanetan PSOEkoekin, Madrilen bulegoa zabaldu ondoren PSOErekiko harremana zuzen zuzena izan zen arte. Aipatu fundazioaren hainbat kide ibili ziren Madrilen hirurogeita hamargarren hamarkadaren hasieratik, baina urte gehien eman zuena eta erantzunkizun haundiekin Dieter Konicke izan zen.
Dagokigun hamarkadan sartu aurretik edo agian lehenagotik ere, bai Estatu espainiarreno oposizioko indarrek, bai frankismoaren baitako famili desberdinek erregimenaren aldaketa-moldaketa-egokipena edo nahi dela sumatzen zuten bezala, EEBBetako Estatu Departamentuak, CIAk eta Europako sozialdemokratek aurrikusi aurreikusten zuten epe labur-ertain batean diktaduraren bilakaera Estatuaren egituraketa konstituzional eta parlamentario batean gauzatu zitekeela. Garai hartako nazioarteko egoeran erreparatuta bestalde, ez da harritzekoa ez aurreikuspena, ezta halako arreta berezia jartzea Estatu espainiarreko egoera politikoan. Izan ere guda hotza deitua izan dena puri purian zegoelarik eta Estatu espainiarra Europan elementu geo-politiko estrategikoa izanik, ezinbestean behar zuen lehentasunen artean egon. Beste alde batetik EEBBek CIAren bidez mundu osoko hamaika herrialden bilakaera politikoan izan duten eskuhartze zuzena (hasi Hego eta Ertameriketako diktaduretik, Ekialdeko Erdiko gatazkatik igaro eta Asiako herrialdeetan bukatu, Afrikako beste hainbat adibide ahaztu gabe) berez nahikoa da pentsatzeko Estatu espainiarreko egoera politikoaren bilakaera ez zutela ez agendatik kanpo utziko.
Eta erregimenaren bilakaera aukerei zegokienez berriz, Europako ingurune politiko ekonomikoak (demokrazia parlamentarioak, Europako Elkarte Ekonomikoaren gorantzako indarra), autarkia frankistaren aje politiko-ekonomikoak, mundu mailako krisialdi ekonomikoak areagotuta geroxeago, erregimenaren beraren barne gatazkak zein eragile ekonomiko nagusi batzuen presioak, eragile hauek guztiek babesten zuten parlamentarismo konstituzionala helburu zuen bilakaera bat, nahiz eta hau ez izan aukera guztien muga, ezta haien interesen babesean lantzen zuten bakarra ere.
Egoeraren aipatu ardatzetan kokatuta, PSOEk aukera ezin egokiagoak esakintzen zituen balizko transizio demokratiko-parlamentarioa estuki behatu eta zuzentzeko. Diktaduraren hogeita hamar-hogeita hamabost urtetan zehar Alderdi Komunista eta azken urtetan Euskal Herrian ETA buru zuen ezker abertzalea ziren frankismoaren aurkako indar bakarrak (Estatu mailan beraz PCE zen oposizioaren buru eta hanka, ez baitzegoen besterik). Talde antolatu gehienak PCErenak ziren, berdin azpegiturarekin, langilen mugimenduan ere komunistek eskuhartze zuzena zuten CCOOen bidez. PSOE erabat desegituratua eta deseginda zegoen (militante bakan batzuk baino ez), UGT are okerrago. Beraz, PCE zen oposizioko indar ahulen ardatz nagusia (Euskal Herrian gertatzen zena salbuetsita noski). Baina balizko abantaila honek ordain latza zuen komunisten kaltetan: frankismoak aurkari fetitxean bihurtu zituen komunistak eta komunismoa bera. Jazarpen polizialaz gain, eskura zituen baliabide guztiak erabiliz (telebista, prentsa, irratia, mintzaldi publikoak, eliza bera...) frankismoaren aparatoak etengabeko eraso propagadistiko-ideologikoa burutu zuen berrogei urtez komunisten aurka. Komunistak ziren aurkari deskalifikatuak, kaotikoak, patologikoak, oker guzien eragileak, gizartearen gaitz guztien sorburu, mamu irrazionalizatuak, berrogei urtez hitz guztitan lintxatu eta satanizatuak.
PSOEko (37) militante bakanen artean zegoen soziologo talde batek atzemana zuen komunisten aurkako biztanleriaren burmuin zuritze orokor horren eraginez, frankismoaren aurka zegoen gizarte zati nagusi horrek ere ezker muturrean kokatzen zuela PCE eta gizarte-subkonsziente horrekin nekez izango zen oposizioko alderdi masiboa, nagusia. PSOEk ordea, ia azpiegiturarik gabe eta militate gutxi batzuk baino ez izan arren, ezkerreko alderdi historiko baten marka zuen. Mende bateko ibilbidea, II. Errepublikan Gobernuan egondakoaren irudia.... hau guztia Guda Zibila galdu zuen belaunaldiaren oroimenean finkatuta egoteaz gain, PSOEk ez zuen jasan komunisten antzeko satanizazioa (kasu!, errepresioa bai, ia erabat desegituratuta geratu arte) eta horregatik erakargarriagoa zen kontzientzia haundirik gabeko oposizioko sektoreentzat.
Antza denez, PSOEko soziologoek baino lehen azterketa bera edo oso parekoa egina zuten Europako sozialdemokratek eta EEBBetako nagusiek. Gainera, PCE dexente antolatua izateak eta sozialdemokratek komunistei zieten gorroto biziak (38) aipatu alderdian eskuhartzeko aukerak ezabatzen zituen. PCEren aldean, Alderdi Sozialistak neurrira egindako abantaila guztiak eskaintzen zituen: esan dugun aurreikuspen politikoa eta talde desegituratua izatea. Handik eta hemendik militante bakan batzuk sakabantuta zituen PSOE hura bilakera demokratiko-konstituzionaleko alderdi agusia edo ezkerreko giltzan bihurtzeko hiru gauza baino ez zituzten behar: alderdiaren zuzendaritza erabateko konfiantzazko pertsonen eskutan egoeta, Europako sozialdemokraten laguntzarekin puztuko zen eragin gaitasuna eta mezu eraberritu bat, mezu ezkertiarra eta gorritua oposizioan nagusi zen PCE deabrutuaren aldean ezkerreko alternatiba sozialistak erabateko sinesgarritasuna izan zezan (lintxatua ez izatearen abantaila aurretik zuelako).
Kanpo eragile hauek funtseskoak izan ziren 1972ko zatiketan. Orduan ia erabat ezezagunak ziren Felipe González eta Alfonso Guerrak gidatu zuten PSOEren zatiketa prozesu osoa Alemaniako sozialdemokraten eta EEBBetako nagusien babes hitzartuarekin. Behin honaino iritsita, PSOEren zatiketa-berrikuntza aztertu dugun atalean esandakoari bi zehaztapen garrantzitsu egin behar zaizkio. Aurrenekoa bilakaera ideologikoa baldintzatu zuten eragileei dagokiena: hots, mezu eraberritu bat aurkezteko premi gorriaz gain, aldaketak bazuela edukin instrumental-estrategiko garrantzitsua, aitortzen ziren alderdiaren oinarrien baitako konbentzimendu ideologikoa ez zela aldagai bakarra eta aurki, ezta garrantzitsuena ere. Beste alde batetik esan beharra dago Madrilgo federazioak, PSOEren baitan militante gehien zuena eta ezkertiarrenak, ez zuela bat egin "berritzaileekin" eta urte batzuk beranduago (1976ko udaberrian) federazio bereko marxista porrokatuek "PSOE historikoen" zuzendaritza eskuratu zutela Mexikon exiliatua bizi zen Victor Salazar idazkari nagusia zuzendaritza horia eta erreformista garantzeagatik kargutik bota eta gero.
PSOEren zatiketa prozesuan (eta gero) alde bakoitzak zuen indarrari dagokio bigarren nabardura, kongresuko liburutan zein "Le Socialiste" aldizkarian agertzen diren kide zein federazioen izenak susmopean behintzat jartzeko modukoak dira. Izan ere "PSOEko berritzaileek" aurkezten zituzten federaziotako ordezkarien babesean inoiz ez zuten haien oinarri-militanteen izen-abizenik eman, kuota ordaintzen zuten kideen kopuru osoa eta ordainagiriak baino ez. Izen abizenak ez aurkeztearena segurtasun neurri ulergarria da ezkutuan aritu behar duen legez kanpoko alderdi batean (hala argudiatzen zuten "berritzaileek" ere), baina hori bezain ulergarria da "berritzaileek" berez zuten indarra baino handiagokoa erakusteko sozialdemokrata alemanengandik jasotzen zuten sosarekin esistitzen ez ziren militanteen kuotak ordainduz errealitatean zegokiena baino ordezkaritza puztuagoa eskuratzea (39).
Kontuak kontu, eta PSOEren barne araudiari erreparatuz gero zatiketa erabat irregularra izan zela atzematen den arren, berritzaileek eskuratu zuten alderdiaren kontrola lehenengo, Internazional Sozialistaren onarpen ofiziala hilabete batzuen buruan (ofiziala noski, bestea askoz aurreragokoa zen eta). Ordutik aurrea Internazionak Sozialistak eta EEBBetako nagusiekin zubi lana betetzen zuten elkarte-fundazioek aurreneko lerrotik jarraituko dute PSOEren bilakaera eta frankismoaren transizioa.
Internazional Sozialistak bultzada izugarria eman zion Felipe Gozalezen irudi publikoari nazioarteko komunikabidetan eta Europako buruzagi zein estatu buru sozialistek babesa-goratzarrea eskaini zioten etengabe, bereziki 1974ko biltzarretik aurrera (40). Dirua iristen hasiko da zubi fundazio-elkarteetatik, bereziki "Friedrich Ebert"en bidez. Dieter Konicke zen fundazioko arduradun garrantzitsuenetako bat eta PSOEren aldetik berriz, Luis Solana Madariagak jasotzen zuen dirua. Atzerrian exiliatuta zeuden militante sozialisten seme alabekin (Carmen García Braiser, Ida Álvarez eta Paulino Barrabés besteak beste) osatu zen gutxieneko alderdiaren agitura administratiboa eta lokalak eskuratu zituzten. Nazioartean Felipe Gonzalezek gero eta ospe gehiago hartzen bazuen ere, Estatuan bertan PSOEren egoera oso kaxkarra izaten jarraituko du bai kide kopuruei dagokionez, bai azpiegiturari dagokionez (Sarasola enpresarioak -F.Gonzálezen lagun mina gero- utzitako bulego txiki bat baino ez zuten Madriden). 1976a arte ez da dirua erruz iritsiko.
Orduan bai, Estatuaren hiriburuko alde garestienetakoa zen Serrano kalean sekulako pisua alokatu zuten, beste bat García Morato Kalean eta hirugarrena Guzman El Bueno kalean (azken hau prentsa harremanetarako). Bien bitartean historikoek Benito Gutierrez kalean zuten bisu bat, mahai bat eta gutxi gehiago zuen bulego bat Lopez Ollos aldean (Manuel Iturrioz kide sozialista eta kontratistak utzia), langileek okupatutako lantegi bat Vallecasen eta fotokopiak ateratzeko La Castellanako fotokopiagailu publikotara jo behar izaten zuten gauez. Gauzak horrela, bi aldeak elkartzea asmo dutela 1976ko udan Madrilgo PSOE historikoen ordezkaritza batek (41) berritzaileekin burutu zuten bilera amaituta historikoek batzorde eragilera bidaltzen duten txostenean "sozialismoaren aberats berriak" goitizenarekin izendatzen dituzte, erabat harrituta gelditzen direlako euren azpiegitura, hitz egiteko modua eta jarrerekin.
Hirurogeita hamargarren harmarkadak aurrera egin ahala, Alemaniako sozialdemokratek-zubi elkarteek-CIAko ordezkariek osatutako hirukote estekatuak PSOErekin zituen harremanak trinkotu ziren. Internazional Sozialistaren bedeinkapen ofiziala etorri zen lehenengo, horren ondotik gero eta indartsuago zen Felipe Gonzalezen proiekzio publikoa (nazioarteko korrespontsalekin kontaktuak, bidaiak, Europako buruzagiekin elkarrizketak, berri aurrefabrikatuak....). Azpiegitura osatzeko dirua, hasieran ez asko baina Francoren heriotzak transizioaren ortzemuga argitan utzi orduko erruz etorri zena, gero eta premi handiagoak zituen alderdia bultzatzeko. Erregimen frankistaren aldaketa aurreikuspenek, diru isuria eta alderdiaren eragin-jarraipen politikoak elkarren arteko hazkunde oreka jarraitu zuten. Aurrerago aipatu da "Friedrich Ebert" fundazioaren lana kontu zaharra zela, bada, PSOErekin zuten harreman estua zein luzearen erakusle da 1979ko udal hauteskundeen ondotik ere zinegotzi sozialistek hartzen zituzten erabaki gehienen berri jasotzen zela aipatu fundazioaren Madrilgo egoitzan, batzutan PSOEren barruan zituzten harremanei esker, bestetan zinegotziek beraiek zuzenean erabakien berri emanda.
Dena dela, Alderdi Sozialista eta zubi-elkarteak zein CIAren arteko itzalpeko (edo zuhurtasunez garatutakoak behintzat bai) harremanak ofizialtasunaren goia joko dute 1978ko PSOEren biltzarrean. Hantxe, militante sozialistek alderdiaren biltzar garrantzitsuenetako baten eztabaidetan buru belarri murgildurik zeudela, Gonzalezen uko-mehatxua, bankarien ultimatuma, Ejerzitoaren buruen ohartarazpen zuzena eta marxismo hitza alboratzearen lekuko izan zen PSOEren XXVIII biltzarrean; hantxe bertatik eta Enrique Múgica Herzog gonbidatzaile-gidari lagun zuela, Israeleko Alderdi Laboristaren ordezkaria eta militante sozialista askorentzat CIAko kide ezaguna zenak aretotik bertatik zuzen zuzenean jarraitu zituen eztabaida guztiak. Ordurako dena ofiziala baitzen, baita Konstituzioa ere. Transizioa ixten hasia zen beraz (42).
3- Francoren heriotzaren ondotik: zaharra nola berritu edo berria nola sortu, hortxe koxka
![]() |